2016(e)ko abenduaren 26(a), astelehena

IDAZLANAK

ARGUDIO TESTUAREN  INGURUKO AZALPENA

-Argudio testua honela defini daiteke: hizlari batek entzuleei zuzentzen dien estrategia multzoa, honen bidez entzule haien iritzia aldatzeko, atxikimendua lortzeko edo halako ideia edo egoera onets dezaten erdiesteko.
-Argudioaz mintzatu ahal izateko, adostasunik ez dagoen egoera behar da, berbaldia eta kontraberbaldia. Kontraberbaldia normalki amoren emate eta aurka egite egituren bidez gauzatzen da.
-Honekin batean, hizkuntzaz kanpokoa ere, keinuak eta, garrantzizkoak dira, zerbaitekin akort ez garela adierazteko bekozkoa jartzea adibidez.
-Inplizitoak ere, hots, erraten dugunak berekin dakarrenak ere garrantzi handia du argudiatzeko denboran.
-Argudiatzean oinarrizko bi alderdi bereizi behar dira:

  • Ingurua edo egoera pragmatikoa.
  • Argudiatzearen egitura.
-Argudio testuan bestelako segidak ere agertu ohi dira, argudiozkoak ez direnak, azalpenezkoak, narraziozkoak, deskribatzaileak...
-Argudiozko esaldi segida baten helburua testi bat onestea edo txarrestea da. Honetarako, premisa batzuetatik abiatzen da, ondorio batera iristeko. Ondorioa aldekoa izan daiteke edo kontrakoa.
-Argudio testuaren zatiak: 
  • Sarrea: helburua gaia aurkeztea da.
  • Egikarien azalpena: igortzailea hauetan oinarritzen da defendatzen duen tesia hartzaileak ezagutu eta haren alde egin dezan.
  • Argudioen azalpena: igortzaileak bere tesiaren alde egiteko eta aurkariaren argudioak gaitzesteko egoki iruditzen zaizkion argudioak azaltzen ditu. Hala ere, punturen batean aurkariaren argudioak ontzat har ditzake.
  • Ondorioa: azaldu diren gauzarik garrantzitsuenen laburbiltzea da, erabilitako argudioen indarra areagotzeko.
AZALPEN TESTUAREN INGURUKO AZALPENA

-Honen helburu nagusia informazioa ematea eta ideiak adieraztea da.
-Zein berbaldi sartzen dira? 
  • Diskurtso zientifikoetan (artikuluak, monografiak, tratatuak, erakusketak, ikastaroak...) Ez da entzulea konbentzitu nahi, datu antolatu eta mailakatuak ematea da kontua.
  • Diskurtso didaktikoetan (testu liburuak, hezkuntza arautegiak...)
  • Zabalkunde diskurtsoetan (aldizkari artikuluak, hitzaldiak, entziklopediak, agiriak...)
-Antoakizun azpimota bat baino gehiago bereiz daitezke. Denak ere eskema honetara ekar daitezke: galdera edo arazoa - konponbidea - ondorio, ebaluazioa.
-Gramatikaren alderdiak:
  • Testuaren barneko eta testuen arteko antolatzaileak.
  • Forma supralinguistikoen erabilera ugaria: tituluak, azpitituluak...
  • Indikatiboko orainaldiaren eta geroaldiaren nagusitasuna.
  • Adizki inpertsonalak maiz azaltzen dira.
  • Aditz estatiboak.
  • Adjetiboa, balioestekoa.
  • Azalpenezko aposizioak.
  • Hitz ordena egonkorra.
  • Hiztegi zehaztasunerako joera.
  • Modalizatzaileak. Ohikoak izaten dira ziurtasuna adierazten duten modalizatzaileak: iritzi aditzak, forma inpertsonalak, aditzondo gisakoak. erraten denaren egia edo faltsutasuna beren baitan dakarten aditzak
  • Deiktikoen erabilera endoforikoa.
  • Lokailu eta testu antolatzaileak.
  • Azalpenetan deskripzioa, argudiatzea, narrazioa ere izan ohi dira.
  • Ixteko formula.
  • Balio estilistiko eta ñabardura gutxi agertzen dira.
DESKRIBAPENAREN INGURUKO AZALPENA

-Deskribapen testua gizaki, gauza, leku, gertakizun edo prozesu baten ezaugarri fisiko, psikologiko nahiz bestelakoak agertu, erakutsi, adierazi edo zehazten dituen testua da, hots, delakoa nolakoa den adierazten diguna.
-Arrunki beste testu baten barnean agertzen da eta neke da testu deskribatzaile hutsia aurkitzea.

-Deskribapenaren egitura: identifikazioa, definizioa, hedapena.
-Deskribapen motak:

  • Egoeraren deskribapena: fisikoa (pertsonak, animaliak, gauzak...), barne egoerak (izaera, sentimenduak...)
  • Prozesuen deskribapena: zerbait nola egiten den, zerbait nola dabilem, zerbait nola erabiltzen den...
-Perpaus bakunak, laburrak azaltzen dira gehienetan, puntuazio marka frankorekin. Definizioan ikusteko aukera izan den bezala, erlatibozko perpausak ugariak dira, baita alderaketak ere.
-Aditz gutxi agertzen dira eta normalki orainaldian egoten dira, definizioetan behintzat, bestelakoetan iraganaldi puntukaria ere franko ibiltzen baita.
-Izenondoak ugariak dira eta orobat izenak eta izenaren ingurukoak.
-Maiz lekuaren inguruan antolatuak: tokia adierazten dute hitz franko. Beste askotan denbora adierazten duten antolatzaileak aurkitzen ditugu.

NARRAZIOAREN INGURUKO AZALPENA

-Narrazioa denbora tarte jakin batean gertatzen diren gauzak kontatzea da. Narrazioaren ardatza denbora da.
-Motak: elezaharra, erromantze edo balada, kantua, alegia eta ipuina, kontaketa laburra, eleberria, txistea, biografia...
-Literatura narrazioa:
  • Narrazio testuan egilea da igorlea.
  • Ikuspuntua sortzen du eta ikuspuntu horretatik kontatzen ditu gauzak.
  • Narratzailea: egilea bera, pertsonaia bat, narratzaile neutroa, orojakilea...
  • Helburuak:
    • Fikziozko mundu pertsonala sortzea.
    • Irakurleari zenbait gertakizunen berri ematea.
    • Irakurleari ematen zaion egoeraren inguruan gogoeta eragitea.
    • Besteren bat.
-Narrazioaren antolaketa: korapiloa.
  • Hasierako egoera orekatua itzulipurdikatzen duten gertakariak.
  • Pertsonaiek egoera berri bati aurre egin behar diote, korapiloa askatu behar dute.
  • Gero indar orekatzailea heldu da, ondorioa.
  • Multzo honi narrazioaren argumentua erraten zaio.
-Nolanahi den ere, gutxitan baizik ez dugu aurkitzen narrazio testu hutsa. Maiz narrazioa elkarrizketarekin eta deskribapenarekin nahasirik ageri da.
-Narrazio historikoa:
  • Honetan berriak, kronikak, erreportajeak, dokumentalak, egunerokoak eta gutunak ditugu, besteak beste.
  • Literatura narrazioak duen antolaketa kronologiko bera du, baina alde batekin: narrazioa historikoak gertakariak, denbora, tokia eta pertsonaiak egiazkoak dira.


1.IDAZLANA

Igande goizean izugarrizko bestondoarekin jaiki nintzen. Hala ere, eztulka altxatu eta Tolosara joan nintzen familiarekin bazkaltzera. Kaskamotza den nire osaba Mikelek, ni ikustean, barre algaraka hasi zen. Aurreko egunean gaixotu nintzela erantzun nion. Bazkaltzeko Tolosako babarrunak genituen, baina ez nuen batere jan, ogia gurin pixka batekin soilik. Bazkaltzen ari ginen bitartean, nire lehengusina Mireni belarritako batzuk oparitu zizkioten, bere urtebetetzea baitzen. Bazkari xelebrea izan zen! Izan ere, sei urteko bi lehengusuak eztabaidan hasi ziren; batak besteari burbuin ñimiñoa zuela esan zion, eta besteak, sudur zorrotza zuela erantzun. Ilundu bezain laster, etxera bueltatu ginen, ohean etzan eta liburu bat irakurtzen hasi nintzen, nire txakurra alboan nuelarik. Logaletu nintzen. Beraz, txakurra bere ohera bidali eta lokartu nintzen. Igande zoragarria izan zen!

2.IDAZLANA

Pasaden udako egun batean gertatutako istripua kontatuko dut. Udako egun bero bat zen eta Itziar, Saray eta hirurok Otsagitik Jaurrietara oinar joan ginen. Nahiko denbora kostatu zitzaigun portu osoa igotzea! Behin Jaurrietara ailegatu ginela, lagun batekin topo egin genuen. Honek istripu bat egon zela kontatu zigun, Jaurrietako neska bat arroketatik behera erori zela hain zuzen ere. Beras, laurok Land roverra hartu eta beraren bila joan ginen. Sara ezin zen mugitu eta ezinezkoa zen hortik mugitzea. Beras, ordu bat itxaron ondoren, suhiltzaileak ailegatu ziren eta Sara esku-ohe batean etzan ondoren, ospitalera eraman zuten.

3.IDAZLANA

Duela bi aste Amaiak azterketa garrantzitsu bat omen zuen. Bere amari asko ikasi zuela esan zion baina azterketaren aurreko bi asteak parrandan pasa omen zituen. Beraz, ez omen zuen denborarik izan azterketarako ikasteko. Azterketaren aurreko gaua txuletak egiten pasa omen zuen. Azterketaren egunean irakasleak txuletarekin harrapatu omen zion. Beraz, zero batekin itzuli omen zen etxera.

4.IDAZLANA (AZTERKETA)

Egunseti batean, ohetik arras goiz jeiki nintzen. Nahiko lo gutxi egin nuen gau hartan. Gosaria prestatzen ari nintzen bitartean, bazkaltzeko zer egin behar nuen pentsatzen hasi nintzen. Orduantxe konturatu nintzen abatz eta burruntzali berri batzuk erosi behar nituela. Ondoren, Aitorren logelara igo nintzen ikastolara eramateko asmoz. Baina, negarrez, gibeleko mina zuela eta ez zela klasera joanen esan zidan. Hain da burugogorra eta kasketosoa! Beraz, ohean geratzeko erantzun nion. Jarraian, nire suhi Sergio deitu eta erosketak egitera joan ginen biok. Dendara sartu baino lehen gizon batek Sergio bultzatu eta "begi makur" deitu zion. Ez genuen deus ulertzen. Beraz, berehala bueltatu ginen etxera erretilurik gabe. Hori gutxi balitz, berehala ikusi nunen Aitor etxean barna saltoka. Iruzur egin zidan!

5. DESKRIBAPENAK

  1. MARCOREN DESKRIBAPENA.

Marco nire betiko adiskidea izan da, bi urte genituelarik hasi ginen elkarrekin ikastolan eta oraindik ere nire lagun mina izaten jarraitzen du. Bizitza osoa eman dugu elkarrekin, haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan, batxilergoan eta baita unibertsitateko graduan ere. Beraz, oso ondo ezagutzen dut.

Marcok abuztuaren 13an betetzen ditu urteak eta hemezortzi urte ditu orain. Nahiz eta nire herrian bizi ez den arren, Atarrabiatik oso gertu bizi da, Arren hain zuzen ere. Beraz, maiz ikusten dugu elkar.
Marcok ile motz horaila eta begi argiak ditu, berdeak alegia. Nik ez nuke ala esango, baina neska askok oso guapoa dela esaten dute. Nire lagun mina delako izango da! Gorputzari dagokionez, ez da oso zabala ezta oso altua ere.

Izaerari dagokionez, zintzoa, jatorra eta oso xelebrea da. Beti dago txisteak kontatzen, lagunak barre egin dezaten. Pailazo hutsa da! Horrez gain, laguntza behar dudanean, beti hor dago, ni laguntzeko prest. Gainera, Marcok ez du inolako lotsarik edozein pertsonarekin hitz egiteko, klasearen aurrean izan ezik. Beraz, neskekin hitz egiteko erraztasun handia dauka. Bestalde, futbolean aritzea eta ikustea ikaragarri gustatzen zaio. Eta gainera, txarra dela esaten diodan arren, nahiko ona da.

Amaitzeko, argi eta garbi dago Marco pena merezi duen laguna dela eta oso harro nagoela berarekin.

  2. JANZKERAREN DESKRIBAPENA

Maider orain dela bi urte ezagutu nuen neska da. Nahiz eta denbora gutxi den arren, nire lagun mina bihurtu da. Askotan arropa erostera joaten gara biok, janzteko estilo berbera baitugu.

Maider normalean eskolara joateko nahiko dotore janzten zen, oso pinpirina baita. Eta are gehiago orain, Bilboko unibertsitatean ikasten hasi denetik. Maiderren praka gogokoenak beltzak dira baina bakeroak maiz erabiltzen ditu. Horrez gain, neskentzako alkandorak asko gustatzen zaizkio klasera joateko, dotoreak eta erosoak direlako. Hotza egiten duenean, ikaragarrizko bufandak erabiltzen ditu. Kolore ezberdineko bufanda asko ditu eta! Hala ere, oso dotorea bada ere, unibertsitatera joateko ez ditu soinekoak, gonak edota takoiak erabiltzen. Bai ordea, parrandan joateko!

Lehen esan bezala, oso dotore janzten da Maider parrandan joateko. Orduak pasatzen ditu ispiluaren aurrean! Gehienetan praka beltzak, takoiak eta kamiseta dotore bat janzten da. Udan berriz, soinekoak eta takoiak asko gustatzen zaizkio. Beraz, parrandan ateratzeko unibertsitatera joateko baino dotoreago janzten da, guztiok egiten dugun bezala.

Hala ere, kirolzale peto-petoa da Maider. Astean hirutan gimnasiora edo korrika egitera joaten da, beraz maiz praka elastikoak edo txandala janzten du. Praka elastiko beltzak, kamiseta zabala eta kirol zapatilak janzten ditu kirola egiteko. Hala ere, kirola egiteko kamiseta mordo bat ditu, kolore ezberdinekoak alegia.


Beraz, esandakoak esanda, Maider oso neska dotorea da nahiz eta txandala edo praka elastikoak asko gustatzen zaizkion.

  3. LEKU BATEN DESKRIBAPENA

Otsagabia Nafarroako iparraldeko udalerri bat da eta bertakoa naiz. Zaraitzu ibarraren herririk populatuena da eta politena noski! Asteburu gehienetan Otsagabiara joaten naiz, Iruñean baino askoz hobe pasatzen baitut. Herriko bizimodua ez du parekorik!

Iruñetik kotxean ordu batera dagoen herria da eta 764 metroko garaieran dago, Zaraitzu ibaia sortzeko iparraldetik datorren Zatoia eta ekialdetik jaisten den Anduña errekek bat egiten duten tokian. Errekak herriaren erdia zeharkatzen du, etxeak bi aldeetan utziz. Erreka zeharkatzeko lau zubi zoragarri aurki ditzakegu. Horrez gain, Muskilda santutegia herriko gain batean dago. Oinez igo daiteke eta ikaragarrizko paisaia dago! Iparraldean Abodiko mendilerroa dauka, herria eta Iratiko oihana banatzen dituena. Beraz, aukera aparta dago mendian ibiltzeko.

Irigoien, Iribarren eta Labaria dira herriko auzo nagusienak, San Joan Ebanjelariaren elizaren inguruan daudenak, errekaren ezkerreko aldean hain zuzen ere. Bestetik, ibaiaren beste aldean, Urrutia dugu. Hemen nire etxea aurki dezakegu. Horrez gain, plaza handi eta polit bat, frontoia eta bi parke aurki ditzakegu.

Bestalde, esan beharra dago, oso herri turistikoa dela urten zehar, bereziki udan eta elurra dagoenean. Landaetxeak gehienetan beterik daude udan zehar. Horrez gain, Otsagiko jaiak, kintoak eta Orhipean festa ospatzen direnean, jendez betetzen da herria.

Beraz, esandako guztiaren ondorioz, bisitatzea pena merezi duen herria dela esan daiteke. Gauza asko egin daitezke herri honetan! Hortaz, gonbidatzen zaituztet!

6. ISLAMA ETA TERRORISMOA

Terrorismoa gaur egun pil-pilean dagoen gaia da. Hala ere, zeri deitzen diogu terrorismoa? Biolentzia politikoaren erabilera sistematikoa da, bereziki aginte politikoaren aurka, gehienetan atentatuen bidez. Ekintza, biolentzia edota atentatu hauek askotan faktore politikoekin, ekonomikoekin edo erlijiosoekin lotuta daude. Honen ondorioz, herritarrengan izua eta beldurra zabaltzen dute.

Esate baterako, aipagarriak dira Paris eta Nizan gertatutako atentatuak. Alde batetik, Parisko atentatuak 2015eko azaroaren 13an izan ziren, Parisko 10. eta 11. barrutietan, Saint-Denisen dagoen Stade de Francen, eta Île-de-Franceko beste leku batzuetan gertatutako hainbat eraso izan ziren, hain zuzen ere. Hiru leherketa ezberdin, sei tiroketa eta bahiketa bat Bataclan antzokian gertatu ziren. Eta iturrien arabera, 130 pertsona hil ziren.

Bestetik, Nizako atentatua 2016ko uztailaren 14an izan zen. Frantziako Jaiegun Nazionala ospatzen ari ziren bitartean, erasotzailea kamioi batekin Nizako pasalekuan abiadura handian sartu egin zen. Honen ondorioz, 84 hildako eta 202 zauritu egon ziren, horietatik 52 oso larri.

Hori dela medio, Islama eta terrorismoa lotzeko joera indartuz doa gure gizartean. Ondorioz, immigrazioaren eta bereziki islama praktikatzen duten horien aurkako diskurtsoen indartzea ekartzen du.

Izan ere, hainbat pertsona musulman beren jatorrizko herriak uzten dituzte, bereziki Europara etortzeko, hemen dagokien errefuxiatu izaera onartuko zaielakoan, eta kontrakoarekin topatzen dira. Immigrazioaren aurkako diskurtsoak gogortu egin dira eta gehienbat musulmanen kontrakoak. Ukaezina da, islamofobia deitu dezakegun korrontea, gora egiten duela etengabe.

Nire iritziz, islama eta terrorismoaren elkarketa ez da bidezkoa. Izan ere, erlijioaren eta sinesmenen inguruan orokortu egiten da, eta musulman guztiak ez dira estatu islamikoaren jarraitzaileak, entzuten den bezala. Denak pertsonak gara eta eskubide berberak merezi ditugu, eta horrez gain, aukera berberak. Beraz, orokortzea ez da bidezkoa. 

7. POLITIKA ETA USTELKERIA

Politika bizitza publikoaren antolakuntzan esku hartzen duten elementu multzoa da. Hala ere, gaur egun erabiltzen dugun politikaren definizioa ez dator bat honekin. Politika ustelkeriarekin erlazionatzen dugu eta arazo hau atzetik dator, hau da, ez da gaur egungoa. Betidanik pil-pilean egon den gaia da, albisteetan edota jendearen ohiko elkarrizketetan. Baina bidezkoa al da bi kontzeptu hauek lotzea?
         
Lehenik eta behin, mundu mailan nahiz estatu mailan ustelkeria kasu ugari aurki ditzakegu. Alde batetik, Gürtel trama kasua aipatu dezakegu. Fernando Correa enpresariak PPko hainbat kiderekin harremana zuen eta kontratu publikoak lortu zituen. Bestetik, Barcenasen kasua diru beltzarekin lotutakoa da. Bestalde, Andaluzian gertatutako ERE kasua aipagarria da. Izan ere, Mercasevilla enpresan iruzurreko aurre-erretiroak aurkitu ziren. Horrelako kasu pila errepikatzen dira egunero.
         
Ez hori bakarrik, zenbait politikari mugarik gabe aberasten ari dira biztanleriaren erdia etxerik gabe gelditzen ari den bitartean. Esandako guztiaren ondorioz, politikariengan dugun konfiantza galdu egin da. Izan ere, gure arazoak konpondu ordez, handitzen dituztelako gehienetan.
         
Hala ere, ezin da orokortu, hots, ezin ditugu politikari guztiak “zaku” berdinean sartu. Badira herriaren alde borrokatzen duten politikariak, gutxi izan arren. Beraz, haien laguntzarekin gure arazoak konpontzen saiatu arren, egoerari buelta ematen saiatu behar gara.
       
Laburbilduz, ustelkeria politikan gaur egun arazo handia dela argi eta garbi dago. Nire ustez, konponbidea gure eskuetan dago eta ustelkeriarik gabeko politika sortu behar dugu guztion artean.

8. TXOKOLATEZKO HOSTOPIL PASTELA

Osagaiak:
  • 1 kg irin
  • 1,5 ur-katilu
  • 500 gr gurin
  • Gatz-apur bat
  • Txokolatezko 3 koilarakada
  • Pastelezko krema katilu bat
  • Azukre koilarakada bat
Prestakuntza:


Lehenik eta behin, hostopil pastela prestatu behar da. Horretarako, orea azal lau baten gainean jarri behar da. Jarraian, orearen erdigunean gurinaren ¾ bota behar da eta horrez gain, gatz-apur bat.

Ondoren, irina eta gurina irabiatu behar dira. Ondo irabiatu ondoren, ura gehitu behar zaio eta berriz ere irabiatu. Ondo oratu behar da ore homogeneo bat lortu arte.

Behin hori amaituta, orearekin bola bat osatu behar da. Eta bolaren gainazalean gurutze formako bi ebaki egin behar dira.

Jarraian, lau muturrak bereizi behar dira, eta erdigunean gainontzeko gurina gehitu behar da. Gero, lau muturrekin gurina estali behar da, gurina erdian eta estalita geratuz.

Ondoren, arrabolaz zabaldu behar da egindako orea eta hozkailuan ordu bat sartu. Behin ordu bat pasata, orea hozkailutik atera eta hiru zatitan moztu behar da. Azkenik, hiru zati hauek labera sartu behar dira, 20 minutuz 200ºCko tenperaturan.

Jarraian, labetik atera eta hiru hostopil zatiak bata bestearen gainean jarri behar dira. Horrez gain, zati bakoitzaren gainean pastelezko krema gehitu behar da.

Azkenik, nahi izanez gero, pastelaren gainean glass azukrea bota ahal da.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina